Gorputzak, edozein ondasun materialik gabe irudikatuak, funtsezko ardatza izan dira egileak bere ibilbidean egin duen lanean. Argazkigintza esperimentala tresna gisa erabiltzen da proiektuan, maila pertsonalean eta kolektiboan baldintzatzen gaituzten menderakuntza-sistemak (generoa, arraza, klase soziala) azalaratzeko, argazkigintzaren mugak bilatuz eta askatasun artistikoa erresistentzia-modu gisa aldarrikatuz.
Lanak ikusizko arteen boterearekin lotutako gaiak ere planteatzen ditu, baldintzatzaile jakin batzuk geureganatzen laguntzen diguten neurrian, edota, baldintzaile horiek berak desartikulatzen laguntzen duen iruditeria sortzeko garaian. Zer gertatuko litzateke gorputzak matxinatuko balira eta beren eginkizuna ez betetzea erabakiko balute?
Ezinegona, mugimendua, indarra eta baldarkeria dira erakusketan aurkituko ditugun piezetatik destilatzen diren keinuak. “Hysteron” seriearekin hasten den ikerketa baten bilakaera da. Bertan, emakumeen gorputzak fusionatzen dira, 5 kiloko kazolak eta atun-latak erabiliz argazki-kamera gisa, batasuna eta tentsioa elkartzen diren agertokiak sortuz.
Azken urteotan, ordezkatutako subjektuen genero-dibertsifikaziorantz eta giza izaerari buruzko hausnarketaren kolektibizaziorantz eboluzionatu du lan-gorputz horrek. Irudia eta erabilitako materialak hartzeko mekanismoak ere dibertsifikatuz joan dira (zura, metala, paperak, pintura…), eta pieza paregabeak sortu dira positibatzean eta eraikitzean.