Odra ibaiarekin harremandu nahi nuke, benetan denagatik: izaki bizidun bat, Wroclaw hiriaren egunerokoaren, gerraren, uholdeen eta berritzearen testigu isila. Odra ibaiak begiak dituela pentsatu nahi nuke eta bertan, urazalean, kamarak jarri eta galdetu hiria nola ikusten duen. Horretarako ibaiaren urazalean metalezko ontziekin egindako kamarak jarri ditut, etxean egin dudan bezala, Urumea ibaian.
Proiektu honetan lehen aldiz esperimentatu dut kolorezko paper analogikoarekin. Eguzki argi naturalaren ñabardurak ezagutu nahi nituen, zeintzuk diren bere ezaugarriak Wroclaw-en udako hilabete hauetan, ezagutu zein den bere aldartea kolorezko paper analogikoarekin kontaktuan sartzen denean, ikusi nola erreakzionatzen duen.
Proiektua Michal Litwiniec-ekin osatu da. Nire kamerak izan dira ibaiaren begiak, eta ura eta metalezko ontziekin eraikitako musika instrumentuak bere ahotsa.
Lantegi bat ere garatu dut hirian, helduak eta haurrak gonbidatuta, proiektu honetan parte har zezaten. Izan ere niri Urumea ibaiarekin gertatzen zaidan bezala, pentsatzen dut Wroclaw-eko biztaleentzat ibaia garrantzitsua dela. Horretarako tailer bat antolatu genuen eta bertan argazki kamarak eraiki genituen ontziekin. Ondoren parte hartzaileei eskatu zitzaien argazkiak ateratzeko ibai ondoko txoko ezberdinei. Argazki ugari atera zituzten, izan ere emozionalki lotuta sentitzen dira, ni bezala, ibai inguruko espazio ugarirekin.
Parte-hartzaileen testigantzak grabatu ziren, azalduz zergatik aukeratu zituzten leku horiek. Prozesu guztia dokumentatzen duen bideoa egin dut: ibaitik argazkiak nola atera ziren, lantegia, lantegiko argazkiak eta Wroclaw-eko biztaleen testigantzak jasotzen dira bertan.
Proiektua, 2017ko abuztua eta irailan garatu zen, Air Wro eta Etxepare Institutuak koordinatutako erresidentzia artistiko bati esker. Erakusketa egin zen erresidentzia bukaeran, Hiria eta Kultura konferentziaren testuinguruan, Akant izeneko utzitako aroztegi batean.