Nagore

Argazkia: Manu Barreiro.

Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziatua. Argazkilaritzarekin dudan lotura Hernaniko Kronikan lanean nenbilen urteetan hasi zen, 2003 eta 2009 urteen artean.

Argazkilaritzaren inguruko hainbat lantegi burutu ditut argazkilaritzan erreferenteak diren hainbat argazkilarirekin: Eduardo Momeñe, Oscar Molina, David Jimenez, Jon Uriarte, Isabel Diez, Gabriel Brau…

2009an argazkilaritza estenopeikoari buruzko lantegi bat burutu nuen eta berehala ulertu nuen argazkiak ateratzeko modu primitibo hura nire proiektuak garatzeko bitarteko ezin aproposagoa zela. Berrerabilitako ontziak erabilita kamerak eraikitzea eta ohiko argazki formatuetatik haratago joateko aukerak asko erakarri ninduen. Argazkiak ateratzeko bitarteko honek sortzen zituen irudi onirikoak eta ez zehatzak ere harrapatu ninduen.

 

2011ko udaberrian, Banizu Nizuke argitaletxeak EDIPOTOA liburua argitaratu zuen. Bertan argitaratu ziren ontziekin egin nituen lehendabiziko argazki bildumak.

 

Gaur egun argazkilaritzaren inguruko ikerketan, nire proiektuen garapenean eta argazkilaritzari buruzko klaseak ematen dihardut, bai alor estenopeikoan eta baita argazkilaritza digitalean.

 

(Bio laburra. Egilea: Katapulta)

 

 

2014. urtean HYSTERON izeneko proiektuan hasi nintzen lanean, bost kiloko atun lata bat eta labe-lapiko bat erabili nituen argazkiak egiteko. Ontzi bakoitzak lau zulo zituen. Emakumeen gorputzei atera nizkien argazkiak, biluzik, fondo beltz baten kontra. Ontziek emakumeen gorputz zati batzuk besteekin fusionatzen zituzten, haien arteko tentsioa irudikatuz. Argazki lana 2015ean aurkeztu zen eta izan du bere ibilbidea:

-Londresgo Saatchi Gallery, 2015.
-Oñatiko Arg! Jaialdia, 2015.
-Muestra de Arte Joven de la Rioja, 2015.
-Andoaingo Argazkialdia, 2015.
-Photoespaña (Festival Off), Madril. 2016.
-Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia Kultur Hiriburutzak babestuta, 2016.
-´Artistes de passage´-´Pasabidean´. Erakusketa kolektiboa Arcad elkarteak antolatuta.
Hendaia, 2016.
-Le Bel Ordinaire guneak lan honetako bi pieza aukeratu ditu emakumearen inguruko ikerketa bati bukaera emateko. Pau, 2018.
-Ondarroako ´Etxelila. Emakumin Topaleku´ Emakumeen Jabetze Eskolako egitarauan barruan erakusketa antolatuko du. Erakusketaz gain, lantegi bat emango dut, eta bertan, emakumeek haien argazki kamerak eraikiko dituzte berrerabilitako ontziekin, argazkiak zeri eta nola atera, eta nola erakutsi erabakiko dute.

2013-2017 urteen artean SUZKO IRUDIAK proiektuan aritu naiz lanean. Indiara burututako hainbat bidaiatan argazki proiektu bat garatu dut, pospolo kaxa batekin eraikitako argazki kamera bat erabilita. Erakusketak:

-Lana Gran Canaria Foto 2017rako aukeratua izan da eta Palman erakutsiko da 2017ko azaroan. Lehen aldia da lana osorik erakutsiko dela. Lanari buruzko hitzaldi bat emango dut jaialdiaren egitarauaren barruan.

2017ko ekainean Etxepare Institutuak eta AIR WRO erakundeek Odra ibaiaren inguruko nire proiektua aukeratu dute 2017ko abuztua eta irailean Poloniako Wroclaw hirian erresidentzia egiteko. Odra ibaiak hiria egituratzen du eta baita bertako biztanleak ere. Hiria ibaitik erretratatuko dut, ibaia hiria behatzen duen izaki biziduntzat hartuta. Lana ´City and Culture´ nazioarteko kongresuan aurkeztuko da 2017ko irailaren 20tik 22ra.