Info +

[Garatzen ari den proiektua]

Aita Aranon jaio zen, Ama Hernanin, ni tartean bizi naiz Ereñotzun…Urumea ibaiak marrazten duen bailaran. Bailara honetako irudiak etortzen zaizkit burura, etxea eta jatorriaz pentsatzen dudan bakoitzean, bai hemen eta bai munduaren bestaldean: eskailuak, hezetasuna, udarako bainu freskagarriak, sagarrondoak eta gainerako zuhaitzak, huntza, basurdeak, azkonarrak, gainerako biztanleak… baita gizakiek utzitako markak ere: zentral hidroelektrikoak, zubiak, fabrikak, kanalak, errepideak, pistak etxeak, sagardoa, festak…. Barruan sartuta ditugun irudiak dira, gure izaera moldatzen dutenak, txikitan entzuten genituen kondairak bezala: birramona Urumeara isurtzen den errekatxo batetako putzuan, lamizuloan, elkartzen omen zen lamiekin eta hortzekin harrapatzen omen zituen amurrainak.

 

Urumea ibaia ez da toki bat, ez da ubide bat, ez da orain hemen eta gero han jarri daitekeen ur kanal bat, Urumea ibaia bizirik dagoen izakia da, orain zabaldu eta gero uzkurtu egiten dena, gure birikak bezala.

 

Abaño, Fagollaga, Ugaldetxo, Tximistane, Ermita, Latxe, Pikoaga, Arranbide…. eta Urumeako beste hainbat txoko bisitatu ditut  azken hilabeteetan, Urumea ibaia sortzaile begiz dokumentatzeko botatako hordagoari erantzunez. Lata zilindriko ezberdinekin sortutako kamarak urazalean kokatu ditut, berunekin lotutako trípode baten gainean jarrita. Urumea ibaiak zer ikusten duen, galdera horri, erantzuna bilatu nahian ibili naiz eta ibairen begietan jarri dut kamara.

Lan prozesua azaltzen duen bideoa

Hauxe izango da Poloniako Wroclaw hirian, 2017ko abuztu eta irailan egingo dudan erresidentzian jarraituko dudan lan ildoa. Izan ere, nire proiektua aukeratu dut Etxepare Institutuak eta Air Wro erakundeak, hirian erresidentzia artistikoa egiteko. Kasu honetan atzerritarraren ikuspuntutik  egingo dut lanketa eta hiri-testuinguru batean kokatuta. Hiria zeharkatzen duen Odra ibaiari galdetu nahi nioke hiria nola ikusten duen, izan ere, badirudi ibaia hiria marrazten duen elementu garrantzitsua dela, bai geografikoki eta bai emozionalki. Hiria izan baita, hiriaren suntsiketa eta berpiztearen testuinguru isila, konstante mantendu den elementuetako bat. Ibaia ardatz gisa erabiliko dut proiektu honetan eta hiritarrak ere integratuko ditut. Lanketa bat garatuko dugu eta hiritarrei eskatuko diet ibaia erretrata dezaten beren esperientziak kontatuz. Tokiko musikariekin elkarlanean ere ariko naiz. Ontziekin egindako instrumentuak eraikiko ditugu eta haiekin batean ibaiko ura erabiliko dugu proiektuaren soinu banda sortzeko.